Skip to content

Elkarrizketak

Familia de Anastasiia

1. Zergatik erabaki duzue zuen alaba eta biloba Espainiara bidaltzea? Erabaki zaila izan zen?

Ama: Kaltetutako gunean bizi gara, Chernobylgo zentraletik oso gertu. Beti jakin izan dugu onuragarria dela noiz behinka hemendik ateratzea, batiz bat umeentzat. Zientzilariak diotenez, bi hilabete hemedik kanpora egotean gorputzak erradiazio handia kanporatu dezake. Baina inoiz ez dugu eduki dirurik hau egiteko.
 
Amona: Osasuna hobetzeko, seme-alabak kanpora bidaltzen zituzten auzokide eta lankideak genituen eta bagenekien proiektu haiek arrakasta handia zutela. Beraz, gure biloba harrera-programa honetan izena emateko erabakia hartu genuen. Noski kezkatuta geundela, bidaia oso luzea zelako, familia espainiarrarekin ez ginen elkar ulertzen, ez zegoen Internetarik, eta komunikatzea ez zen orain bezain erraza. Baina dena oso ondo atera zen, eta neskatoa primeran moldatu zen.
 
Aitona: Likidatzailea nintzen, hondamendiaren lehen egunetatik zentral nuklearrean egon zena. Jendea ebakuatzen eta hondamendiaren ondorioak likidatzen lagundu nuen. Ez genuen informazio askorik gertatu zenari buruz. Urte batzuen ondoren ulertu ahal izan nuen zein larria zen guretzat, horregatik oso garrantzitsua zen zerbait bilatzea gure bilobari gutxienez laguntzeko. Beraz, Doviria Zentrotik deitu zigutenean eta udan Anastasiia hartzeko familia bat zain zegoela esan zigutenean, oso pozik jarri ginen.
 
 

2. Zer konta dezakezue esperientzia horretaz? Sumatu al duzue aldaketarik neskatoarengan?

Ama: Lehen helburua beti izan da nire alaba sendatzea. Udako bi hilabeteetan eremu honetatik kanpo egotea nahikoa da bere osasunerako. Gainera neskatoak hizkuntza ikasi du eta euskara primeran menperatzen du.
 
Amona: Bere jokabidea ere beste bat da, etxera itzultzen denean. Lehen egunetan, harrera familiaren arauak gure etxean jartzen saiatzen da. “Hori ez dute inoiz egiten han,” Hori ez litzateke ona izango Espainian “, etab. esaten du.
 
Ama: Neskatoak, urtean zehar ez duela hainbeste hotzeria hartzen nabaritzen dugu, beti osasuntsuago itzultzen da, politagoa eguzkia hartuta, hazi egiten da. Nabari da osasuna hobetzeaz gain oso ondo pasatzen duela harrera familiarekin. Lagun asko ditu han, hondartzara eta igerilekura joaten da. Ekitaldi asko egiten dira, eta badirudi ez duela bat bera ere galtzen. Eta askoz gauza gehiago dira. Zerrenda amaigabea izan daiteke.
 
Aitona: Harrera familiako ama ezagutzen dugu, Oihana. Gure etxera birritan etorri da. Duela bi urte, Dovirian esan zigutenean bera Ivankiv ikustera etorriko zela, kezkatu egin giñen. Ez genekien zer gustatzen zitzaion jatea, hizkuntza jakin gabe nola ulertuko giñen, atzerritar bati harrera egiten genion lehen aldia zen. Baina etorri zenean, oso pertsona jatorra zela ikusi genuen, bai, gure familiako beste kide bat bezala. Eta Anastasiia Oihanaren familiarekin Euskal Herrian dagoenean, badakigu neskatoa primeran dagoela. Gauza asko erakusten dizkiote eta guk eman diezaiokeguna baino gehiago ematen diote zentzu guztietan.
 
Ama, aiton-amonak: Eskerrak eman nahi dizkiegu gure harrera familiari eta proiektu hauek antolatzen dituzten guztiei. Eskertzen dizuegu, haurrei, beren osasuna hobetzeko ematen diezuen aukera, beraientzat beste mundu bat irekitzea, hainbeste gauza ikastea. Ez da osasuna hobetzeko programa bakarrik, Kultura programa bat da, gizatasun handikoa. Familia eta lagunak ditugu, eta oso harro gaude horretaz.Eskerrik asko, hemen itxarongo zaituztegu, Ukrainan.

Oleksandraren familia

1. Zergatik erabaki zenuten alaba Espainiara bidaltzea?

Ama: Denok dakigu kaltetutako eremuan bizi garela eta Chernobylgo zentral nuklearretik oso gertu gaudela. Hemengo airea arnasten dugu, eta hemengo produktuak kontsumitzen ditugu. Haurrek helduek baino gehiago sufritzen dute. Beraien gorputzek oso defentsa gutxi dituzte. Hori izan zen haurren harrera programa honetan izena emateko arrazoi nagusia.
 

2. Zaila izan al zen erabaki hau hartu eta alaba hain urrun bidaltzea? Zer espero zenuten proiektu honetatik?

Ama: Bagenekien neskatoa ondo egongo zela elikadura osasuntsu bat eskaintzen duen gune garbi batean, Espainiak ospea zuelako janari on eta anitzetan. Bagenekien neskatoak inoiz eskaini ezin genizkiokeen gauzak ikusiko zituela; hondartza, mendiak eta abar, osasuna hobetzeko beharrezkoa den guztia.
 
Aita: Alde batetik bai, oraindik oso txikia zelako eta normala zelako kezkatuta egotea. Bestalde, gure alaba zaharrenak Madrilgo beste elkarte batekin bidaiatu zuenez 4 udatan, eta oso pozik zegoela ikusten genuenez, bagenekien zer zen, eta konfiantzaz jokatu genuen. Oleksandraren harrera familiak berak ere galdetu zigun ea zaila zen erabaki hura hartzea, haiek imajinatzen baitzuten oso gogorra zela hain neskatila txiki batengandik bereiztea eta hain urrun bidaiatzen uztea ezertarako ezagutzen ez zuten jendearekin. Gero azkar moldatu zen, familian bi alaba gehiago zituztelako eta horrek asko erraztu zuen dena.
 

3. Zer kontatzen du alabak? Nolakoa izan da bere esperientzia Euskal Herrian?

Aita: Oleksandra oso pozik dago, bere bigarren familia han dagoela dio. Han bere etxean balego bezala sentitzen da. Familiaren erritmoa jarraitzen du, bat gehiago balitz bezala.
 
Oleksandra: Jarduera asko ditut. Ez gara inoiz gelditzen. Igerilekura goaz, mendietan zehar ibiltzen gara, hondartza ondoan dugu. Beti parte hartzen dugu herriko jaietan, eta oso dibertigarria da, senideak bisitatzen ditugu eta lagun pila bat ditut. Ez dut imajinatzen nire bizitza beraiek gabe. Asko gustatzen zait Euskal Herria. Han dena oso interesgarria da, asko gustatzen zait. Egonezin handiz itxaroten ditut udako oporrak. Nire harrera familiaren falta sumatzen dut, eta den-dena eskertzen diet.
 

4. Zer aldaketa sumatu dituzue? Zergatik izan da hain garrantzitsua proiektu hau?

Ama: Oleksandra beti itzultzen da ederrago, bere kolorea eta aurpegi-adierazpenak bestelakoak dira – Zoriontsuagoa eta osasuntsuagoa da. Baina, lehenik eta behin, bere osasuna da. Oporretan Espainian egoteak, bere osasuna hobetzen eta negua arnas gaixotasun eta hotzeria gutxiagorekin igarotzea laguntzen du. Beraz, ez ditu hainbeste klase galtzen, eta indartsuagoa da. Proiektu honi eta bere harrera familiari esker, beste herrialde bat ezagutzeko aukera izan du, baita oso garrantzitsuak diren hizkuntza, tradizioak eta ohiturak ikasteko ere.
 
Duela bi urte harrera familia Ukrainara etorri zen, eta haiek pertsonalki ezagutzeko aukera bikaina izan genuen. Oso pozik geunden, eta primeran pasatu genuen. Gehiagotan itzultzea espero dugu, guk gure familiako kidetzat hartzen ditugu eta.
 
Ama eta aita: Eskerrak eman nahi dizkiegu gure harrera-famila eta Chernobilen Lagunak Elkarteko kide guztiei, Ivankiv inguruko gure haurren alde egin duzuen eta egiten jarraitzen duzuen guztiagatik. Ez dago hitzik sentitzen dugun guztia adierazteko. Hainbeste urtetan gure gobernu propioak baino gehiago egin duzue.